Arabako Errioxak paisaia paregabeak ditu natura-turismoaz gozatzeko, eta ibilbideak mahasti amaigabeen artean egin ditzakezu oinez, bizikletaz edo zaldiz.
Oiongo mahasti-lurretatik Bermeoko porturaino, GR-38 deritzona dugu. Bide eta bidexka sare bat da, Euskadi hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duena, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea izenez ezagutzen den bide historikoko paraje liluragarriak zeharkatuz. Antzina, kostaldeko herrietako arrainekin barnealdeko produktuak trukatzeko balio zuen ibilbide horrek. Arabako aldean, askotariko paisaiak ikus daitezke: hariztiak, baso eta pagadiak, Carravalseca eta Carralogroñoko urmael gaziak eta ikatza nola egiten den erakusten duten ikaztegiak.
GR-99 edo Ebroko Bide Naturala bide luzea da, 1.200 kilometrotik gorakoa, jaiotzatik Ebro ibaiaren bokaleraino doa eta Arabako Errioxako lurretan hainbat etapa ditu. Bertan, paisaiaren eta bidearen beraren aniztasuna eta berezitasuna ikus daitezke. Horrez gain, gizakia herrietako ur-bazterretan finkatzearen ondorioz sortutako ondare artistiko izugarria ere gozatu daiteke.
Badira beste bi ibilbide garrantzitsu, eta erreferentzia erlijioso historikoetan jatorria dute, Done Jakue Bidea, Europatik zetozen erromesek eta eskualdeko jatorrizkoek erabili zuten saihesbidea, eta Ignaziotar Bidea, Loiolako Ignazio zaldunak 1522an Loiolatik Manresa hirira egin zuen ibilbidea irudikatzen duena. Ibilbide honetan gero eta erromes gehiago ibiltzen dira beren prozesu espirituala egiteko.
Ez dira ahaztu behar, halaber, eskualdeko berezko ibilbideak, hala nola: Laguardiako aintziretakoa eta Sorginaren Trikuharrikoa, Bilarren; Monforte mendigunea eta iturburua lotzen dituen ibilbidea, Kripanen; Heridera del Monte eta Pinar de Dueñas lotzen dituena, Labrazan; eta Santiago baselizaren eta Armina baselizaren artean dagoena.
Baina inguruneaz gozatzeko beste jarduera asko ere badaude, hala nola, globoan ibilaldiak egitea, 4x4 ibilbideak, piraguismoa, mendi-ibilaldiak eta bisitari gisa imajina dezakezun guztia.
Ondo seinaleztatutako bide eta bidezidor pila du eremuak, eskualdeko 300 kilometro karratu baino gehiagoko luzera eta zabaleran zehar hedatzen dira, eta gure baliabide natural ederrak ezagutzeko aukera ematen dute.