Arabako Errioxak aisiaren eta negozioaren arteko uztartze ezin hobea eskaintzen du
Ardo handiek gastronomia paregabea merezi dute
Ardo handiek gastronomia paregabea merezi dute
Gastronomia da edozein ekitaldi korporatiboren antolaketan kontuan hartu beharreko alderdi nagusietako bat. Arabako Errioxak ehun sukaldaritza-establezimendu baino gehiago ditu, euskal gastronomiaz gozatzeko, gastronomia paregabea. Taberna eta jatetxe tradizionaletatik, sormen-gastronomia duten diseinu-lokaletara, enotekak, goi sukaldaritzako miniatura-erakusketa bikainak dituzten pintxo-tabernak edo upel artean eskualdeko gastronomiaz gozatzeko jatetxe-zerbitzua duten upategiak.
Mahasti artean ere jan daiteke. Upategi ugarik catering zerbitzua dute mota guztietako ekitaldiak egin ahal izateko eta mahatsondoen artean bazkariak antolatzeko.
Establezimendu asko atxiki zaizkio Euskadi Gastronomikari. Turismo enogastronomikoko produktu kluba da, eta esperientzia onenekin, sukaldaritza-eskaintza bikainarekin eta kalitate handiko zerbitzuarekin gozaraztea du helburu. Horretarako, kalitate-irizpide batzuk definitu dira, inplikatutako eragile guztiek onartu dituztenak. Horrela, proposamen gastronomiko bikaina eskainiko dizute, aparteko zerbitzu baten bermearekin.
Ondo jatea gure kulturaren eta bizimoduaren zati garrantzitsua da, herrietako giroa bizitzea eta gure jendearekin elkarbizitzea bezalaxe. Gainera, tokiko gastronomiaren eta Arabako Errioxako upategietako ardo bikainen arteko uztarketa ezin hobea aurki daiteke.

Mahastien eta haritzezko upelen artean lo egitea
Arabako Errioxako hotel-azpiegitura eskualdeko beste erakargarri turistiko handienetako bat da. Kalitate handiko ostatu-establezimenduen eskaintzak 4 izarreko hotelak, landetxeak eta nekazaritza-turismoko zentroak hartzen ditu. Halaber, nahiago baduzu, hotel-establezimendu bihurtutako upategietan hartu ahal izango duzu ostatu, eta haritzezko upelen eta mahastien artean atseden hartzeko aukera izango duzu.
Establezimendu horiek guztiek, gainera, enoturismo-jarduera ugari egiteko aukera ematen dute, hala nola, edari zein janari dastatzeak, azal gainean tempranilloa duzula ardo-bainuetxe batean erlaxatzea edo ginkana enogastronomikoak. Zalantzarik gabe, esperientzia ahaztezinak gozatuko dituzu Arabako Errioxan. Kontsultatu MICE taldeak artatzeko prestatutako hotelak.

Dena ez da lana izango. Gozatu helmuga aparta
Lanaldiak osatzeko, ez dago Arabako Errioxa bezalakorik. Gure eskualdeak bisitarien aisialdirako jarduera ugari eskaintzen ditu, eskualdeko giroa eta bizimodua modu dinamikoan ezagutu ahal izateko. Besteak beste, upategietara bisitak, ardo-dastatzeak, uztartzeak, sukaldaritza ikasgaiak edo ginkanak. Eskualdeko herri eta hiribilduetara bisitak, kontzertuak eta jaialdiak, mahastietako esperientziak edo oinez edo bizikletaz egindako txangoak ere antolatzen dira.
Centro Temático del Vino Villa Lucía museoan, Félix María de Samaniego alegia idazlearen etxean, ardoaren historia eta erritoak modu interaktibo eta entretenigarrian ezagutzeko aukera izango duzu. Proposamen arrakastatsuenetako bat efektu sentsorialak dituen 3Dko film labur ikusgarri baten proiekzioa da, eskualdea ezagutzeko eta bertako paisaiez oso modu originalean gozatzeko aukera ematen duena. Jarduera horrek nazioarteko sari ugari jaso ditu zinema, turismo eta teknologia berrien jaialdietan.
Arabako Errioxak kalitatezko erosketak egiteko aukera ere eskaintzen dizu. Gure lurraldeko zatitxo bat etxera eraman ahal izango duzu gourmet produktuak, bertako ardoak edo artisautzako pieza paregabeak erosiz gero.