Historia
ARABAKO ERRIOXAKO 4700 URTE HISTORIAHistoria
Egun Arabako Errioxa den lurraldean duela 4.700 urte bizi izan da gizakia. Horren froga dira Sorginen Txabola dolmena, Bilarren, talde panteoi gisa erabilia, eta baita Laguardian, Lezan, Eskuernagan, Bilarren eta Kripanen dauden beste hainbat trikuharri. Eta horiez gain beste hainbat aztarna arkeologiko aurkitu dira Arabako Errioxako geografian, hala nola La Hoyako Herrixka, Laguardian, Brontze Aroko aztarnategi garrantzitsuenetakoa Euskal Herrian, Kristo Aurreko 1500 urte ingurukoa.
Horiek guztiak lurralde honetako historiaurre aberatsaren aztarnak dira, eta interes kultural handiko ibilbidea osatzen dute, udan familiarekin edota lagunekin bisitatzekoa.
Historian aurrera eginda, nafar eta gaztelarren arteko Erdi Aroko borrokak zirela-eta, egun Arabako Errioxa den lurraldeak jabe aldaketa ugari izan zituen. Erresuma askok hartu nahi izan zuten mendeko, nahiz eta Ebro ibaia defentsa-muga naturala izan. 1461ean nafar agintepekoa izatetik Gaztelaren eskuetara pasatu zen, eta 1486an, Errege-erregina Katolikoen aginduz, Laguardia eta bere inguruko herrixkak Arabako Ermandadearen parte izatera pasatu ziren.
Laguardiako herri txit noble eta txit leiala, eskualdeko hiriburua, X. mendean sortu zen muino baten goialdean, satai luzeko eta harro, Nafarroako Erresuma beste erresuma batzuen erasoetatik babesteko. Herri txiki bitxia da, kale estu harriztatuak eta monumentu-ondare handia dituena. Ondare horretan bereziki aipagarriak dira harresi zaharrak, eta San Juan Bataiatzailea eta Erregeen Andra Mari eliza gotortuak. Azken hau XIV. mendean eraikia da, harri landuzko atari ikusgarria du, bizirik mantentzen duena XVII. mendeko polikromia, eguraldiaren erasoetatik babesturik baitago. Samaniego Alegilariaren Jauregia ere ezin aipatu gabe utzi, harlanduzko lana, eta aurrealde neoklasikoa duena. Eta baita Primicia Etxea ere, XIV. mendekoa, hamarrenak eta primiziak ordaintzen ziren tokia. Bietan ere upategiak daude gaur egun, eta bisitaldia egin daiteke bietara.
Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko gainerako herrietan ere ondare garrantzitsua dago, Eltziego, Bastida eta Labrazakoak esate baterako, ezin hobeki mantenduak. Labrazak Munduko Hiri Harresitu Hoberena izendatu zuen Hiri Harresituen Nazioarteko Zirkuluak, eta bertan ondare historiko gisa katalogatutako dorre eta matakanak badira.
Eraikuntza zibil garrantzitsuak ere badira. Eskuernagako Hamarren Etxea, adibidez, edo Bilarko Indianoaren Etxea, eta Manuel Quintanoren etxea, Bastidan. Manuel Quintano izan zen Bordeleko enologia teknikak Espainian sartu zituena, XVIII. mendean. Baina beste herri batzuetan ere badira aurrealde armarridunak eta oinetxeak, Arabako Errioxako monumentu-ondare zabalaren parte direnak.